Itxaron faborez, kargatzen ari da

AA: Errealitatera itzultzeko aukera gisa

Post Image

Aukera aniztasuna VS autentikotasuna, benetakotasuna. Badirudi hori dela AAk sorturiko irudien inguruan ematen hasi den eztabaida: Adimen Artifiziala benetakotasuna deusezten ari da eta erabiltzaileek (Sare Sozialetaz ari gara hainbestean) benetakoa dute desio, edo benetakora joko dute 2026an.

Sare Sozialak eta benetako hitzak esaldi berean lotu al ditezkeen zalantzan jar dezakegun garai honetan, ulergarria da joera berri hau. Adimen Artifiziala erreminta bat izatetik, meta edo helmuga bat balitz bezala erabiltzen dute askok: AA influenzerrak, Deepfakeak, edota komunean dagoen pertsona bati leihotik basurde parea sartzen zaizkion bideoa, guztiori agertzen zaizkigun edukiak dira egun.

Eta honek hausnarketa bat egitera garamatza: Eduki horiek errealak ez izan arren, errealitatea molda badezakete (gugan eragiteko gaitasuna duten bidetik), zenbateraino ez dira erreal?

Bestalde, zineman edo streaming plataformetan ikus dezakegun filme edo serie baten benetakotasuna ez dugu zalantzan jartzen: ohitu gara testuinguru horretan eman ohi den “faltsutasunaz”. Berdin gertatzen da marketingean edo publizitatean. Espazio hauetan, erabiltzaile edo ikusleak onartzen du edukia erreala ez izatea. Arazoa, errealtzat dugun testuinguruan eduki “faltsuak” sartzean dago. Baina, lehengo hausnarketa bati helduz: zenbateraino da erreal Sare Sozialetan erabiltzaileok ematen dugun irudia?

Akaso ez dira izan AA erremintez sorturiko edukiak, edota akaso, soilik, artifizial baginen, baina adimen hitza falta zitzaigun.

Hala balitz, ez ginateke hain gaizki, adimena gehitu baitiogu sareetako jardunari. Bejondeigula.

ADAM MOSSERIREN HAUSNARKETA

Irakurri dugu Adam Mosseri Instagrameko CEOaren hausnarketa gai honen inguruan, eta baditu erreproduzitzeak merezi duten hainbat pasarte, guztiak ere ikuspegi kritiko batetatik irakurtzea eskatzen dutenak:

Benetakotasuna baliabide urria bihurtzen ari da berehala, eta horrek sortzaileen edukiaren eskari handiagoa bultzatuko du, ez txikiagoa. Arrakasta izango duten sortzaileak benetakotasunari eustea lortuko dutenak izango dira, teknologia berriak erabili ala ez. Hau orain zailagoa da, ez errazagoa, edonork egiazkotasuna simulatu dezakeelako. Listoia “sor dezakezu?” izatetik “zuk bakarrik sor zenezakeen zerbait sor dezakezu?” izatera igaroko da. Hori da iragazki berria.”

Jendeak duela urte batzuk utzi zion une pertsonalak feed-ean partekatzeari. Storiek oso bizirik jarraitzen dute, zure jarraitzaileekin partekatzeko presio gutxiago duen modu bat eskaintzen dutelako, baina partekatzeko modu nagusia, argazkiak eta bideoak barne, mezu zuzenen bidez da. Eduki hori ez dago leunduta; pertsonen eguneroko esperientziaren argazki lausoak eta bideo dardaratiak dira.

Hausnarketa txikiren bat sortzen digute Mosseriren hitzek, hala nola, AArekin “benetakotasuna balidabide urria bihurtzen ari” dela (orain artekoa autentikoa zelakoan eta ez elkar-errepikapen masibo bat).


Ugaritasun eta zalantza amaigabeko mundu batean, konfiantza mantentzea eta benetakotasuna adieraztea lortzen duten sortzaileak — benetakoak, gardenak eta koherenteak izanik — nabarmenduko dira.

Adam Mosseri, Instagrameko CEOaren entsegua hemen.

Aurr.
MIXED MEDIA: after effects klik bakarrean
Hurr.
Suno: abestiak sortzeko modua aldatzen ari den tresna