Sora 2: iraultza promesa gehiegi?

Enegarren aldiz, iraultza berri bat iragarri dute Adimen Artifizialaren bidez irudiak eta bideoak sortzeko erremintetan. Open AI izan da orain, Chat GPT ezagunaren sortzailea, Sora 2 bideo sorgailuaren bertsio berria aurkeztu duena. Egiari zor, lenen adibideek zeresan handia eman dute: Errealismo handiagoa, fisika hobetua, irudiaren eta soinuaren arteko sinkronizazio perfektua… eta berrikuntza harrigarri bat: TikTok motako app sozial bat, eduki guztia AAk sortzen duena.
(Sora 2 bidez sorturiko bideoa)
Beste urrats bat IAk sortutako zinematik gertu
Sora 2k ikusmen-kalitatea hobetzeaz gain, sortutako klipen koherentzia narratiboa eta fisikoa ere hobetzen omen du. Objektuen edo pertsonaien mugimenduak eta portaerak errealagoak omen dira orain. Diotenez, AAk espazioa, grabitatea eta eszena bateko elementuen arteko harremanak ulertzen ditu, eta horrek desberdintasun handiak markatzen ditu aurreko bertsioekiko edo Runway edo Pika bezalako lehiakideekiko.
Gainera, Sora 2k automatikoki sortutako soinua integratzen du bideoan, bertako mugimenduekin eta atmosferarekin sinkronizatuta. Musika-bideoklipetan, iragarkietan eta film labur esperimentaletan sormena asko automatizatu dezake honek.
gaitasun teknologikoen berrikuntzen zurrunbiloak nora garamatzan begiratzeko astia da, akaso, etengabeko sorpresen lasterketa honetan, ahaztu duguna
App berria “TikTok estiloan”
Eredua abiaraztearekin batera, OpenAIk aplikazio mugikor bat aurkeztu du (gaur egun gonbidapen bidez eta iOSen soilik eskuragarri), non erabiltzaileek AAk sortutako bideoak sortu eta partekatu ahal izango dituzten. Interfazeak TikTok edo Reels gogorarazten du: feed bertikal infinitua, testu-prompt-en bidez edo “Cameo” funtzioaren bidez sortutako klipekin, sortutako eszenetan zure aurpegia eta ahotsa txertatzeko aukera ematen duena, alegia.
Funtzio honek abusuak saihesteko baimen-sistema bat barne hartzen du, eta OpenAIk sorkuntza guztiak argi eta garbi IAk sortutakotzat etiketatuta daudela ziurtatu du. Konpainiaren arabera, helburua “ikus-entzunezkoen ekoizpena demokratizatzea” da, eta edozein pertsonak kalitate profesionaleko bideoak sortzeko aukera izatea segundo gutxi batzuetan.
AEB eta Kanadan soilik eskuragarri
Oraingoz, Sora 2 eta bere aplikazio berria Estatu Batuetan eta Kanadan baino ez daude eskuragarri, proba mugatuko fase batean. OpenAIk bere erabilgarritasuna pixkanaka zabaltzeko asmoa du, baina ez Europan, ez Espainiar Estatuan edota ezta Euskal Herrian ere ez dago datarik oraindik. Muga honek erregulazio-gaiei erantzuten omen die (datuen eta egile-eskubideen babesa), bai eta ereduaren eragin etiko eta sortzailea aztertu beharrari ere, mundu mailako merkaturatze baten aurretik.
Ikus-entzunezko sorkuntzaren etorkizuna
Azkarregi doan sentsazioak irensten du AA bidezko irudi eta bideoen sormenaren mundua, Runway, Pika, Google, Kling, Sora… elkarrekin lehian dabiltza azken hilabeteetan, nork trsna erraginkorrena aurkeztu, eta nork merkatuko xoxak bereganatu. Berrikuntzen zurrunbiloak tresna izugarriak eta aukera sineskaitzak eskaintzen dizkigu erabiltzaile txikioi, baina gaitasun teknologikoen berrikuntzen zurrunbiloak nora garamatzan begiratzeko astia da, akaso, etengabeko sorpresen lasterketa honetan, ahaztu duguna.
Informazio ofiziala eta adibideak: https://openai.com/index/sora-2/