Hutsune handi bat
KONTRATATU
gattiken@gattiken.eus
688 696 526
LANAZ
Hutsune handi bat dokumentalak sendatu gabeko zauriei eta minari buruz hitz egiten du. 115 gaztetik gora hil ziren Urretxun eta Zumarragan heroinaren eta HIESaren ondorioz. 115 amets. 115 hutsune. Eta gehiago.
Horretaz hitz egiten du Hutsune handi bat dokumentalak. Bizirik geratu zirenen bizipen, sentimendu eta hutsuneez. Haien ahoetatik gainera.
Dokumentalak 13 pertsonen testigantzak bildu ditu, kontsumitzaile ohi, lagun, senide, gaztetxeko zerbitzari, langile sozial, mediku edo bizilagunenak, alegia.
Zintzotasunez mintzo dira. Gogoratzearen min eta beldurrez. Ez da erraza izan zauri horiei begira jartzea, bada ere ez gogoratu nahiagatik dokumentalean parte hartu ez duenik ere. Horrek lan honen sentiberatasunaz hitz egiten digu.
MEMORIA PARTEKATUA
Memoria kolektiboa iragan partekatu baten testigu da, elkarrekin bizitako esperientzien narrazio ikusezin. Hala sortzen dira zauri partekatuak. Ez dira soilik norbanakoaren oroitzapen mingarri; ehun komun baten korapilo dira; eta belaunaldi berriek, aurretikoen isiltasunak jaraunsten dituzte, eta gure herrietako kaleak esan gabeko hitzez betetzen dira.
Zauri horiek sendatzea, aurrera lotsarik gabe begiratzea da, zamak askatzea, herriko kaleak mamuz hustutzea. Memoria horiek kolektiboki lantzeak herriak berriro arnasa hartzea ahalbidetzen du, zubiak eraikitzea, lehenago harresiak egon diren lekuetan. Kontua ez da gertatutakoa ezabatzea, zentzu berri bat ematea baizik, duintasun partekatu bat. Izan ere, herri bat batera sendatzera ausartzen denean, bere historia berreskuratzeaz gain, etorkizun askeago, eskuzabalago eta gizatiarrago baterako aukera ere berreskuratzen du
GARAIKO GIROA
80. hamarkadan giro politiko, sozial eta ekonomiko gogorra bizi zuen Euskal Herriak. Espainiar Estatua Frankismotik atera nahian zebilen, eta orduko gazteak, askatasun haize berrien egarri. ETA erakunde armatuaren eta Estatu Espainiarraren biolentzia, mugimendu sozial, ekologista, feminista eta identitarioek, krisi ekonomikoak, muturreko langabeziak… gazteen errealitatea osatzen zuten.
Askatasun nahi eta norbere buruaren ber-aurkikuntza horretan iritsi ziren drogak, eta sentsazio berriak esperimentatzeko gogoa. Informaziorik ez zegoen apenas, ez drogen, ez hauen eraginaren eta ezta ondorioen inguruan. Drogak gauza berria ziren gizartearentzat, hala kontsumitzaileentzat, nola poliziarentzat edota osasun arduradunentzat.
Horrek guztiak eragin zuen gerora etorriko zena; heroinaren kontsumo tasa altuak; dependentziaren arazo larria eta HIESaren osasun pandemia.
Hemmen, Urretxu eta Zumarragan arlo politikoan eman ziren gertakari batzuen bortizkeriaren adibide txiki bat.
GAZTELEKUA
Urretxuko eta Zumarragako gaztetxe zaharra “heroinaren supermerkatu” gisa izendatua izan zen, baina elkarrizketatuen hitzetan, fama hori “ez da bidezkoa”. Ekintza askoren aterpe zen gaztetxea, eta bertako zerbitzariak saiatzen ziren, ondo saiatu ere, drogen salerosketa gaztetxeko ateetatik barrura ekiditen.















I. ASTE AKUSTIKOA
Urretxuko eta Zumarragako gaztetxe zaharrean 1994ko abenduaren 30ean antolaturiko I. Aste Akustikoaren bideoa.





